NAMIBIAN BASAMORTUA BIZIZ

hasierako orria - munduabizikletaz.blogspot.com

Namib basamortuak ematen dio izena Namibiari, diotenez, munduko basamorturik zaharrena denak. Hedaduraz, Euskal Herria baino 40 aldiz handiagoa da Namibia, baina bi milioi eta erdi pasatxo pertsona besterik ez dira bizi bertan. Afrika hegoaldeko negu sasoia aprobetxatuz, distantzia luzeak eta basamortuak buruan genituela, 2018ko uztailaren 18an, bizikletak lagun, harantz abiatu ginen Ainhoa eta Koldo.

Hegoaldetik iparralderako bidaia izan da, eta hegoaldeko eremu bakarti eta idorretan eman diogu hasiera bidaiari, Grünau herrian. 1.478 kilometroren ostean, hilabete beranduago, iparraldeko Outjo herrixkan amaitu dugu ibilbidea, Etosha Parke Nazionala bisitatuz eta, bertan, animalia basatiez gozatuz. Tartean, Fish River Canyon arroila sakona, Sossusvleiko hondarrezko duna erraldoiak, kostaldean Walvis Bay hiria eta Skeleton Coast zonaldea ezagutzeaz gain, iparraldean herero eta damara etnietako jendearekin topo egin dugu, eta, hala, Afrikako jendearen berotasunaz gozatu.

Windohek hiriburuan lur hartu, eta taxiz hurbildu gara ostatura. Lehenengo gauza bizikletak kutxetatik atera eta horiek muntatzea da, dena behar bezala dagoela ziurtatzeko. Primeran, arazorik ez. Hiriaren erdialdera jo dugu oinez, eta polita da Afrikako lehen sentsaziok jasotzen hastea. Hori bai, egon garen Afrikako beste hiriekin alderatuz, desberdina da hau. Lasaia, txukuna, oso atsegina egin zaigu bertan paseatzea. 

Bi betebehar nagusi ditugu: alde batetik, bizikleta bidaiari hasiera emateko beharko dugun janaria erosi, eta, bestetik, hiriburutik hegoaldeko Grünau herrira eramango gaituen buserako txartela erosi. Erraz egin ditugu biak. Hiriaren erdialdean supermerkatu erraldoiak aurkitu ditugu, eta bus konpainiaren bulegoa ere gertu dugu.

Eraikin modernoak dira erdialdeko gehienak, baina tarteka alemanen kolonia garaikoak ere agertzen dira. Horietan ezagunena, 1910. urteko Christuskirche eliza.

Oso gertu daude kolonialismo osteko garai berriek ekarri zituzten Namibiako parlamentua eta museo nazionala. Atentzioa eman digute hainbat kaleren izenek: Robert Mugabe, Fidel Castro…

Windoheketik Hego Afrikako Cape Townera doan busa hartu behar dugu, eta bidean dagoen Grünau herrian geratu. 8 orduko bidaia lasaia: bizikletak arazorik gabe joan dira busaren behealdean, oso bus modernoan goaz eta asfalto bikainetik erraz iritsi gara Namibia hegoaldeko herrira. Kanpoaldean dagoen gasolindegian utzi gaitu, eta, berandu denez, baimena eskatu eta hantxe bertan kanpatu dugu.



Arroila sakonetik basamortu zabalera

Hegoaldeko lehen egunak gogorrak egin zaizkigu, haize bortitzak ustekabean harrapatu baikaitu. Bideak zabalak dira, baina asfaltorik ez, pistak dira nagusi, eta kontran datorren haizeak zaildu egin dizkigu lehenengo kilometroak. 


Hori bai, hasi eta berehala, bigarren egunean, topatu dugu bidaia honetako lehen helburua. Bera izan da bidaia Namibia hegoaldean hasteko arrazoi nagusia: Fish River Canyon arroila ikusgarria, mendeetan zehar Fish ibaiak lurrean irekitako orbain sakona. Luzeran 160 km ditu, tokirik zabalenean 27 km, eta sakonera handiena 550 m-koa. Hobaseko kanpamentutik hurbilduta, begiratoki zoragarria topatu dugu, eta egun osoa eman dugu arroilaren ertzetik oinez, ikuspegiez gozatzen.


Haizea goizean leunagoa denez, goizean goiz hasten gara pedalei eragiten, eta horrek, askotan, eguzkia mendien artetik irteten ikusteko aukera eskaini digu. Hego hemisferioan gaudenez, negua da hemen, baina egunak fresko hasi arren, eguzkiak berehala epeltzen du giroa. Bizikletaz ibiltzeko giro bikaina. Egunak aurrera joan ahala, haizea baretzea izugarri eskertu dugu, eta gure hasierako urduritasunak eta kezkak ere asko baretu dira haizearekin batera.



Namibian, oro har, oso jende gutxi bizi bada, hegoaldean, are gutxiago. Janaria lortzea uste genuena baino zailagoa dela konturatu gara, eta, hortaz, erosketak egiteko aukera dugunean ongi hornitu behar garela ulertu dugu. Lehenengo 1.000 kilometroetan, kostalderako bidean, benetako herri bakarra topatu dugu: Bethanie



Beste guztia etxaldeak edota kanpaleku antolatuak izan dira, eta gure bidaian oso garrantzitsuak izan dira biak ala biak. Horiei esker, ura eskuratu ahal izan dugu bidean, eta horrek asko arindu digu garraiatu beharreko pisua. Namibiako lurrazala oso idorra izanagatik, lur azpian ura badago. Haize-erroten bidez dabiltzan ur-putzuak dauzkate, eta horiei esker ateratzen dute behar duten ura: abeltzaintzarako, baratzeetarako eta ur edangarria izateko. Ura lortzen dugun toki guztietan, zenbat ur garraiatu kalkulatzen dugu, ura lortzeko hurrengo puntua zein den galdetuz (kopururik handiena 18 l izan da).


Ingurune lehor eta gogor horietara egokitzen joan diren biztanle gehienak europar jatorriko zuriak dira: alemanak, holandesak, hegoafrikarrak… Zoritxarrez, horietako batzuek etxaldeak utzi behar izan dituzte, azken urteetako lehorteek eragindako ur eskasiak bultzatuta. Beste batzuek, ordea, irtenbide interesgarria topatu dute turismoan, eta turistek ostatu hartzeko guneak gehitu dizkiete etxaldeei: etxetxoak, bungalowak edota kanpaleku txukunak.

Bidaia osoko punturik garaienetik gertu, 1715 m-tan, Brian aurkitu dugu, bide-ertzean bere ahuntzekin. Hegoaldean topatu dugun abeltzain ugazaba beltz bakarra. Hegoaldeko etxaldeetan lanean aurkitu ditugun beste langile beltz guztiak ugazaba zurientzat lanean dabiltza.  Brianek, aldiz, gobernuak emandako diru laguntzekin ahuntzak erosi, eta bere etxalde propioa osatu du. Oso pozik agertu zaigu, lanean ongi baitoakio,  eta, hiru urtetan, jasotako dirua bueltatzeko moduan egongo dela kalkulatzen du. Irribarre zabal batekin agurtu gaitu.


Bidea hasi genuenetik, astebete eman dugu eremu bakarti hauetan inguruneaz gozatzen. Lur eremu zabalak eta, urrunean, mendien muinoak; ezerezaren erdian gaudela sentitzen dugu. Distantziak amaigabeak dira, eta harri txikiez osaturiko bide zabalak zuzen doaz, ikusten ez dugun amaiera baterantz. Muinoz muino, gora eta behera, pedalei gogor eragiten irabazi egin behar dugu kilometro bakoitza, asfalto leunik ez baita ageri. 



Hurrengo helburu nagusia Sesriem ondoan dauden Sossusvleiko duna erraldoiak izan arren, horietara iritsi aurretik, ezusteko polita izan dugu: NamibRand Nature Reserve. Inguruko etxaldeetan bizi diren landatar batzuek sortu zuten 1984. urtean, ekosistema babesteko eta inpaktu txikiko turismoaz bizi ahal izateko. Guri bidaia osoko momenturik politenetakoak eskaini dizkigu. Zoragarria izan da, bide gogor horietan gure bizikletekin goazela, inguruan animalia basatiez gozatzea: zebrak, springbookak, orixak, txakalak… txundituta goaz alde batera eta bestera begira.



Hondarrezko mendiak eta eskeletoen kostaldea

NamibRand Natur Erreserba atzean utzi, eta, jarrain, Namib-Naukluft Parke Nazionalean sartu gara. Izena ematen dioten Namib basamortuko zati zabal batek eta Naukluft mendilerroak osatzen dute parkea. Afrikako parkerik handiena da, eta munduko handienetakoa (49.768 kilometro karratu).



Bertako tokirik ezagunena eta, seguruenik, Namibiako zonalderik bisitatuena Sossusvleiko dunen eremua da. Sesriemeko kanpalekuan utzi ditugu gure bizikletak traste guztiekin, eta bi gau eman ditugu hortxe kanpatuta. Bertan, Sossuvleira sartzeko atea dagoen arren, ezinezkoa zaigu dunetara bizikletaz hurbiltzea. 60 km-ko asfaltozko errepidea dago, baina ezin da barruan gaua pasa. Hortaz, Ana eta Carles katalan bikotearengana hurbildu, eta galdetu diegu hurrengo egunean haiekin batera dunak bisitatzera joan gaitezkeen, alokatuta duten 4x4an. Pozik, baiezkoa eman digute.

Egun osorako txangoa izan da, eta hasiera-hasieratik liluratu gaitu toki horrek. Hondarrezko mendi erraldoiak agertzen doaz errepidearen bi aldeetan, eta lehenengo geldialdia 45. km-an dagoen 45 dunan egin dugu. Dunetara igo eta ikuspegia izugarria da: hareazko mendilerro amaigabea ortzi-mugan galtzen da, eta eguzkiak sorturiko argi-itzalek tonu laranja ezberdinak ematen dizkiete dunei toki eta orduaren arabera.  Leku ederra da argazkiak atera eta dunetan korrika jostari aritzeko.



Errepidea Big Daddy deituriko duna erraldoitik gertu bukatzen da, zinez handia. Dunarik handienek 300 m-ko garaiera omen dute.


Eta, azkenik, duna horiez guztiez inguraturik, Deadvlei dago. Urezko putzu zabal bat izandakoa, gaur egun lehor dago, eta mineralek kolore zuria ematen diote hango lurrari. Harrigarriena bertan dauden zuhaitz hilak dira. Putzuan zeuden akaziak hil egin ziren ura desagertutakoan, eta harrizkoak ematen dute orain. Beste planeta bateko irudiak dirudite inguru horretako paisaiek.

Sesriemera iritsi ginen eguna eta hura utzi genuen eguna izan dira, zalantzarik gabe, bidaia honetako bizikleta egunik gogorrenak. Ingurune oso turistikoak izaki, 4X4, bus, kamioi eta auto ugari dabil, eta horrek asko apurtzen du errepidea. Harri txintxarra askatu eta hondarra solte geratzen da, eta horri daramagun pisua gehituz gero, askotan hondoratzen zaizkigu bizikleten gurpilak. Indar handiz eragin behar zaie pedalei aurrera jotzeko. Horrez gain, pasatzen den auto bakoitzak hondarrezko laino ilun inguratzaile bat sortzen du, eta zaildu egiten du arnasa lasai hartzea. Eskerrak pixkanaka urruntzen goazen.


Hiru egun geratzen zaizkigu kostaldeko hirietara iristeko, eta lehenengoan Soliterera iritsi gara. Garai batean, etxalde horretan aurki zitekeen kilometro askoan gasolindegi bakarra. Gaur egun, berriz, gasolindegiaz gain, hotela, kanpina, janari denda bat eta okindegi bat ere aurkitu ditugu. Solitere, jada, ez da hain bakartia. 

Soliteren lanean dauden gazteekin garagardo bat eta elkarrizketa atsegina elkarbanatzeko aukera izan dugu.  Namibia iparraldetik lanera etorritako gazteak direla azaldu digute. Pozik daude lanarekin, baldintza onak dituztela esan digute, baina gogorra egiten zaiela familia eta gertukoak ikusi gabe luzaz egotea. Namibia hegoaldeko etxalde askotan gertatzen da hori, iparraldeko hainbat etniatako gazteak gerturatzen dira etxaldeetara lan bila. Nagusi zurientzat eskulan beltz merkea.




Hurrengo bi egunetan, libre kanpatu dugu. Egunean zehar bidean topaturiko kanpalekuetan urez ongi hornitzeak lasaitasuna eta askatasuna ematen digu gauetako kanpaldietarako.



Ingurune bakartiak, tarteka autoren bat, eta ezustean springbook gazelak jauzika. 

Arroila pare bat topatu ditugu bidean, baina ez da euri sasoia, eta guztiz idor gurutzatu ditugu. Euri garaian, azarotik apirilera, tenperaturak asko igotzen dira. Sinesgaitza da hain lehor dauden errekak noizbait urez bete daitezkeela pentsatzea.



Kostaldean, Walvis Bay hiria dugu zain, eta opari bat izan da bertara iristea. 80 km egin ditugu, ia guztia maldan behera, mendialdetik itsasoraino, eta azken kilometroak, asfalto leunekoak, alfonbra gorria izan dira guretzat. 

Hori gutxi balitz, Warmshowers sarearen bitartez ezagutu ditugun Linda eta Bryanek bi gauez ostatu eman digute beraien etxe politean, eta sekulako barbakoa prestatu. Hamalau egun dira bideari ekin genionetik, eta toki bikaina da atseden egun bat hartzeko. Walvis Bayn portu handi bat dago, eta jende ugari bertaratu da bizitzera, portuko lanak erakarrita. Horrez gain, kostaldeko turismogunea ere bada, eta flamenko, pelikano edota izurdeez gozatu dugu.




Atseden hartuta, kostaldetik iparralderantz jo dugu, ziztu bizian, haizea lagun. Namibiako kostalde horri Skeleton Coast dietzen diote. Mendeetan zehar, bertako haize, laino eta klima gogorrak eraginda, itsasontzi asko galdu eta kostalde horretan hondoratu izan dira. Denboraren poderioz, itsasontzi horietako batzuk hondarrak inguratu ditu, eta haien burdinazko hezurdurak oso gertu ikus daitezke. Horietako bat ikusteko aukera izan dugu, parez pare.


Iparraldean bizitza

Hentis Bay herrian kostaldea utzi, eta, maldan gora, barrualdera jo dugu berriz, ipar ekialderantz. Omururu distrituan sartu gara, eta, berehala, bidaia honetan orain arte topatu gabekoa aurkitu dugu: Namibiako jatorrizko herritarrak bizi diren herrixkak. Hasieran, txapaz eraikitako etxetxo xume batzuk izan dira, eta, beranduago, herrixkak.


Herero, nama, damara… dira Namibia iparraldean bizi diren etnietako batzuk. Afrikako beste makina bat tokitan bezala, jazarpen gogorra jasan zuten herri horiek kolonialismo garaian. 1904-1908. urteen artean, Namibia Alemaniak koloniatzat zuela (Hego Mendebaldeko Afrika Alemaniarra izena zuen orduan), soldadu alemaniarrek 65.000 herero eta 10.000 nama hil zituzten. Etnia horien aurkako benetako genozidioa izan zen: bi kasuetan, populazioaren erdia edo gehiago akabatu zuten.

Branberg mendiaren ondotik pasa Namibiako mendirik garaiena (2606 m)—, eta herero herrixka batean kanpatu dugu. Bide ertzean, turistentzako saltoki txikiak dituzte herrixkako biztanleek: trapuzko panpinak, inguruan lorturiko gema harribitxiak, lepokoak, eskumuturrekoak eta abar dauzkate salgai, oso tarteka geratzen den autoren batetik jaitsitako bisitariei saltzeko. Guretzat, erakargarriena, herero emakumeen jantzi dotore eta kapela erraldoiak dira.



Herritik oso gertu, Ugab erreka dago (lehor, noski), eta ondora gerturatu gara, kanpatzeko asmoarekin. Hala ari garela, ondoko etxekoak oihuka etorri zaizkigu: “kontuz!  Gauez, inguru hau oso arriskutsua da, elefante taldeak ibiltzen dira, eta parean harrapatuz gero, akabo!”. Beren etxe ondoko bukatu gabeko eraikin bat eskaini digute kanpatzeko, eta guk, eskertuta, bertan jarri dugu gure kanpin denda. Konturatu orduko, agertzen hasi dira inguruko umeak, harriduraz eta jakin-minez. Hasieran, lotsati, bukaeran jostari, arratsalde oso alai eta hunkigarria eskaini digu herero ume taldeak. 




Horren falta sentitu dugu orain arte bidaian: jendearen berotasuna. Namibia iparraldean bizi da herrialdeko populazio gehiena, eta bidaiako azken egun hauetan momentu ederrak izan ditugu bertako jendearekin. Hori bai, hegoaldean baino askoz ere xumeago bizi da herrixka horietako jendea.


Jendearen epeltasunaz gozatuz eman ditugu gure azken egunak bidean. Amaiera egunean, lurrezko bide harritsua utzi, eta asfaltozko errepide zabal batetik iritsi gara gure azken helmugara: Outjo. Bertan, iparraldeko jendeaz gain, animalia basatiez gozatzeko aukera izan dugu.

Bidaia prestatzen ari ginela, pentsatu genuen Outjo zela bidaia bukatzeko tokirik aproposena: ez genekien ziur lortuko genuen, baina gure xedea zen hegoaldeko Fish River Canyon eta iparraldeko Etosha National Park lotzea. 1.478 km eder bezain gogor izan dira orotara, eta azken herri hori izan da guretzat Etosha Parke Nazionalerako sarrera. Kanpin batean lau egunerako tokia hartu, eta ordubetera dagoen parkera bisitaldiak autoz egin behar direnez, kanpinean bertan hitzartu ditugu bisitak. Bi egunetan hurbildu gara parkera, eta, irakurri genuen bezala, sekulakoa izan da animalia festa: zebrak, elefanteak, fakokeroak, hienak, kuduak, lehoiak, jirafak, errinozerontea, milaka hegazti desberdin… animalia zerrenda oso luzea. Sasoi lehorra denez, horietako asko parkean zehar sakabanatutako ur-putzuetara hurbiltzen dira egarri direnean, eta oso erraz topa daitezke. Ikuskizuna zoragarria da, momentu ahaztezinak eskaini dizkigu hainbeste animalia basati askatasunean ikusteak.






Esate baterako, bezperan animaliez josita zegoen putzura hurrengo egunean gerturatu, eta hutsik topatu dugunekoa. Hasieran ulertzen ez genuen arren, segituan jakin dugu putzuaren bakardadearen arrazoia: urrunean lehoi eme bat dator poliki putzurantz, eta aurrez aurre jarri zaigu ura edaten. 

Ondoren, parke barruan turistentzat eraikitako kanpamentu baten ondoko putzura elefante koadrila handi bat etorri da bainua hartzera. Elefante erraldoiak eta kume txikiak, denak uretan jostari.


Penaz, errinozeronteen egoera larriaz jabetzeko aukera ere izan dugu: ehiza ilegalaren ondorioz, desagertzeko zorian dago animalia ikusgarri hori. Asiako herrialde batzuetan, gaixotasunak sendatzeko oso ona delakoan, sekulako dirutza ordaintzen dute horien adarren truke, eta, diru horrek erakarrita, ehunka errinozeronte akabatzen dituzte, gero adarrak mozteko. Namibiako gobernuak, ehizari aurre egiteko irtenbide eraginkorrena bilatu nahian, erabaki du errinozeronteei adarrak beraiek kentzea. Behin adarrik gabe, balioa galtzen du errinozeronteak, eta  ehiztarien jomugan egoteari uzten dio. Horrelaxe dago gertutik ikusteko aukera izan dugun errinozeronte dotorea, adarrik gabe.

Ia hilabete pasatu da etxetik atera ginenetik, eta nahiko triste gaude bueltatzeko ordua iritsi delako. Hori bai, tristezia hori bidaia honetan bizi izandako guztiak sortzen digun sakoneko poztasunarekin nahasten da. Oso pozik sentitzen gara, berriz ere, buruan genuen ametsezko bidaia egia bihurtu dugulako. Bizikletaz, nola bestela?

INFORMAZIO OSAGARRIA:

Data: 2018-07-21 / 2018-08-17 

Bidaiaren irupena: 27 egun / Ibilbidean irupena: 20 egun

Bizikletaz ibilitako egunak: 18 / Kilometroak guztira: 1.478 / Eguneko batezbestekoa: 82 km

Antolaturiko kanpamenduetan lo: 10 gau / Kanpaldi librea: 7 gau / Etxe partikularretan: 3 gau

Kartografia: FREYTAG & BERNDT editorialeko NAMIBIA errepide mapa 1:1 000 000

Webguneak: cyclotherapy.blogspot.com

Garraioa: Windohek hiriburutik Grünau herrira INTERCAPE bus konpainia.

 Ostatua Windohek hiriburuan: Chameleon Backpackers & Guesthouse / Backpackers Unite

Ostatua Outjon: Etotongwe Lodge Campsite


koldoainho@gmail.com